rebeltour
8 EGUN | 10 EGUN
Bidaia hau benetako Irlanda, bere historia, kultura eta borroka ezagutzeko aukera paregabea da eta dena gainera bere paisaia eder eta taberna tradizionaletaz giro jatorrean gozatuz.

IBILBIDEA
_01. (Asteartea) Bilbo - Dublin
Hegaldia Bilbotik Dublinera. Dublingo aireportuan gure gidaren harrera eta handik hiri erdiko hotelera. Afaria eta bidaiaren egitarauaren azalpena.
Taberna tradizionaletan poteoa eta musika irlandarra zuzenean.

_02. (Asteazkena) Dublin
Goizean hiriaren historia eta leku esanguratsuenak ezagutzeko bisita gidatua.

Arratsaldean Kilmainham Gaol, Europan irekita dagoen espetxerik handiena bisitatuko dugu. Azken 200 urteetan matxinada errepublikarrei lotuta egon da eta azken hamarkadeetan "Aitaren izenean" bezalako filmen eskenatokia eta 1916ko matxinadaren museoa izan da.

_03. (Osteguna) Dublin- Newgrange - Downgo kostaldea – Belfast
Gosaldu ondoren Dublin utzi eta Newgrange, orain dela 5.000 urte eraiki zuten pasabide-hilobia eta Irlandako ondare arkeologikorik ospetsuena dena bisitatuko dugu.
Handik ekialdeko kostalde ederretik Irlandako iparraldean sartuko gara Mourne mendiak eta Downgo kostaldearen bistaz gozatzeko. Bidean Carlingford lakuaren ertzean bertako itsaskiak dastatuko ditugu.

Arratsaldean eta Belfasteko hotelera joan baino lehenago Stormonteko parlamentuan geldiunea eginen dugu.

Afaldu ondoren taberna tradizionaletan poteatzeko aukera egonen da.

_04. (Ostirala) Belfast

Azken lau hamarkadetako gatazkaren eta bake prozesuaren historia, gakoak eta leku esanguratsuak ezagutzeko Belfasteko auzo errepublikarretatik bisita gidatua eginen dugu. Bidean ormetako margoak, oroitzapen guneak, bake ormak, hilerria...eta Cultúrlann kulturgune gaelikoa ikusiko ditugu. Azken honetan bertan bazkalduko dugu.

Ibilbidea amaitzeko zer hobe Felons, preso errepublikar ohien elkartean pinta batzuk hartzea baino.

Gero hotelean atsedena hartzeko edota inguruan dauden Botanic Gardens (Lorategi Botanikoak) eta Queen's Universitytik paseotxo bat emateko aukera egonen da.
Afariaren ondoren musika irlandarra zuzenean tabernetan.

_05. (Larunbata) Belfast
Goizean Conway Mill eraikinari eta Museo Errepublikarrari bisita, historia
errepublikarrari buruzko bideo emanaldia eta Sinn Féineko militante garrantzitsu batekin solasaldia.

Eguerdian St George's Market azoka bizira jeitsiko gara zerbait jatera. Arratsaldea erditik zuen kabuz erosketak edota paseo bat emateko libre izanen duzue.

_06. (Igandea) Belfast - Antrimgo kostaldea – Giant's Causeway – Derry
Egunari hasiera emateko Shankill auzo loialistari bisita azkar bat eginen diogu eta berehala Antrim kostalde ederrari ekinen diogu. Bidean Carrickfergus eta Dunluceko gazteluak ikusiko ditugu, Sokazko Zubi ospetsura eta Eskoziara begira hamaiketakoa hartuko dugu. Gero 60 miloi urte dituen eta Gizadiaren Ondarea den Giant's Causewaytik (Erraldoien Galtzada) paseo bat emanen dugu.

Arratsaldean Derryra iritsiko gara. Atsedena eta afaria hotelean.

_07. (Astelehena) Derry
Goizean Derry hiri matxinoaren historia errepublikarra ezagutzeko bisita gidatua.
Bertan Irlandan osorik gordetzen diren XVII. mendeko harresi bakarretatik eta orma margo politikoen artean paseo bat emanen dugu.

Arratsaldean Igande Odoltsuaren museoa bisitatuko dugu eta gero egun hartan eraildako baten senide batekin solastuko gara.

Atsedena, afaria eta musika irlandarra zuzenean tabernetan.

_08. (Asteartea) Derry - Glenveagh Nazio Parkea Teelin Derry
Goizean-goiz Derrytik atera eta berehala inposaturiko muga zeharkatuko dugu Donegal konterrian sartuz. Gaelikoa bizirik dirauen eskualdeetan murgilduko gara eta Glenveagh Nazio Parke ikusgarriaz eta Europako itsalabarrik garaienen bistaz gozatuko dugu. Bidean bertako errepublikar batekin gaelikoaz eta uhartearen banaketaz mintzatzeko solasaldia izanen dugu.
Derryra itzuli, atsedena eta afaria.

 

_09. (Asteazkena) Derry - South Armagh - Belfast
Eguna IRAren gotorlekua eta Europa osoan militarizatuen zegoen South Armagh konterrian emanen dugu. Han bertako IRAko kide batek eskualdea erakutsiko digu eta azken hamarkadetan egondako borrokaren nondik norakoak azalduko dizkigu.
Belfasten atsedena, afaria eta ondoren bidaiari behar bezalako amaiera emateko musika eta dantza irlandarrak taberna tradizional batean.

 

_10. (Osteguna) Belfast Dublingo Aireportua
Goiz-goizean Dublingo aireportura jeitsi, bidean bidaiaren balorazioa eta etxera.

DATAK
- Maiatzak 7-16
- Maiatzak 21-30
- Ekainak 4-13
- Ekainak 18-27

IZEN EMATEA
Lehenbailehen telefonoz (0033 608 574 063) edo emailez (info@irlandanet.com). Leku mugatuak.

PREZIOA PERTSONEKO: 1.225 (*)

PREZIOAREN BARNE:
- Bilbo-Dublin eta Dublin-Bilbo hegaldiak (10 kilotako eskuko maleta barne. Maleta handiagoak fakturatu nahi izanez gero prezioa galdetu iezaguzu).
- 9 gau 3 izarretako hoteletan, bainugeladun gela bikoitzan eta gosaria.
- Dublingo aireportutik eta aireporturako lekualdatzeak.
- 9 afari eta 2 bazkari (beste 7 bazkariak hamaiketako eran bidean txangoak egin bitartean eginen ditugu; edariak ez daude barne).
- Garraioa (9 eserlekuetako Volkswagen Transporter edo antzekoan).
- Gida euskalduna bidaia osoan kordinazioa, azalpenak, itzulpenak eta bestelako beharrentzat.
- Museo, bisita gidatuak eta hitzaldientzako sarrerak.

(*) Maiatzak 21eko txandak +25; Ekainak 4ekoak +50; Ekainak 18ak +75. Prezioa 8 lagunetako taldeetan oinarrituta, beti ere binakako geletan eta hegaldi konpainiek eskaintza hau argitaratu orduan emandako prezioen arabera zehaztuta. Banakako edo hirunakako geletako prezioak jakiteko galdetu iezaguzu. Bidaia asegurua ez da prezioan sartzen baina egitea beharrezkoa da. Egin behar baduzu jakin ezazu prezioa 35 inguru izaten ohi dela. Eguraldia dela edota gure eskutik at dauden arrazoiengatik baliteke egitarauaren zatiren bat aldatu behar izatea. Ordainketa bi zatitan eginen da, lehena izen ematean (%40a, zeina bezeroak galduko luke bere kabuz ez etortzea erabakiko balu) eta bigarrena (%60a) bidaia hasi baino hilabete bat lehenago.

inprimatu
Inprimatu