rebeltour
8 EGUN | 10 EGUN


IBILBIDEA
_01. Dublin Airport – Belfast
Dublingo airportuan elkartu eta Belfastera igoko gara. Bidean hurrengo egunen egitarauari begirada emateko eta gure artean ezagutzeko tartea hartuko dugu.

Belfastera iritsi, motxilak aterpean utzi eta giroa sortzen hasteko lehen pintak hartuko ditugu hiriko tabernetan.

_02. Belfast
Coiste Political Tours preso errepublikar ohien elkarteak sortutako tourraren bidez Irlandako historian murgilduko gara eta bereziki azken 40 urteetan Irlandaren iparraldean egon den gatazka politiko eta militarraren gakoak ezagutuko ditugu. IRA eta armada britainiarraren arteko borroken lekuko izan den Falls auzo mitikoaren kaleetatik ibiliko gara.

Mundu osoan hain ospetsuak diren mural politikoak ikusiko ditugu. Museoan errepublikarrek erabilitako armak, espetxean egindako esku lanak eta azken 100 urteetako ibilbidea laburbiltzen duen bideoa ikusiko ditugu. Oroitzapen guneak, bake orma, Cultúrlann kultur areto gaelikoa, hilerria, preso ohien cluba...bisitatuko ditugu ere.

Gauean taberna tradizionalak ezagutuko ditugu eta céilidh batean (irlandar dantzaldia)
parte hartuko dugu.

_03. Belfast - Derry
Goizean Shankill auzo loialistaren muralak ikusiko ditugu eta berehala Antrimeko kostalderantz abiatuko gara. Itsaso parean doan errepidetik Giant's Causewayraino (Erraldoien Galtzada) igoko gara. Bidean Carrickferguseko gaztelu normandiarra, paisai ederrak, urruneko Eskoziako Highlands lurraldea eta Rope Bridge (Sokazko Zubia) ikusiko ditugu..

_04. Derry - Sligo

Goizean Bloody Sundayren museoa bisitatuko dugu eta berehala muga artifiziala gurutzatu eta Donegal konterri isolatuan sartuko gara.

Glenveagh Nazio Parkearen paisai bakartiak eta aldi berean zoragarriak zeharkatuko ditugu. Gaeltacht eskualde gaelikodunean sartuko gara eta gaeliko hizkuntzaren gure lehen hitzak eta esaerak ikasiko ditugu. Enya abeslariaren familiaren tabernan gaelikoaz eta uhartearen banaketaren eraginaz bertako lagun batekin mintzatuko gara.

Donegaleko kostaldetik hegoalderuntz joanen gara, Glengesh Pass mendate ikusgarria zeharkatuko dugu eta Teelinen Europako itsaslabarrik garaienetara igoko gara paseotxo bat emanez.

Donegaleko badia inguratuko dugu eta Irlandako arrantza kaiarik garrantzitsuena aurkituko dugu Killybegs herrian.

Sligora iritsi baino lehenago Irlandak eman duen idazlerik handienetakoa den WB Yeatsen hilobian geldiunea eginen dugu literatura eta errepublikanismoaz gehiago jakiteko.

_05. Sligo - Galway
Sligo atzean utzita Mayo konterrian sartuko gara. Westport herri politaren kaleetatik paseotxo bat eman ondoren badia ederratik Gosete Handiak gogor kolpatu zuen eskualdea zeharkatuko dugu eta oroit guneak bisitatuko ditugu.

Doo Lough ibar isolatuan sartuko gara ondoren eta laister Irlanda osoan dagoen fjordo bakarra, Killary Harbour, inguratuko dugu.

Connemara Nazio Parkerako bidean ipuinetetatik aterata bezalako Killymore Abbey abadetxean geldiune bat eginen dugu.

Irlandako gaeltachtetik (eskualde gaelikoduna) handiena den Connemararen errepide estuetatik eta zohi zelaien artean ibiliko gara. Gaeltachtetik oraindik atera gabe An Spidéal herri politera iritsiko gara eta bertako artisautza auzoa bisitatuko dugu.

Azkenean Galway hirira iritsiko gara. Udan bizi-bizirik daude Galwayko kale estu eta zuzeneko musikaz beteriko taberna alaiak. Hiri kulturala eta gaztea da eta ez da harritzekoa Irlandaren parrandaren hiriburua izendatuta izana. Festa ederra eginen dugu gau honetan.

_06. Galway Dublin
Ajea kentzeko moduko paisaiak ikusiko ditugu egun honetan. Goizean Burren eskualdean bere izen gaelikoari erreferentzia eginez harrizko larreak ikusiko ditugu nonnahi. Europan dagoen mota honetako eskualderik handienetarikoa da. Laister iritsiko gara Moher itsaslabar ikusgarrietara eta 200 metroko altueraren ertzetik paseotxo bat emanen dugu.
Dublinerako bidean "Las cenizas de Angela" liburua inspiratu zuen Limerick hiria zeharkatuko dugu. Irlandako hiriburuaren Temple Bar auzoan udan egoten den giro bikaina gozatuko dugu ilunabarrean.

_07. Dublin
Dublin, Irlandaren historia aldatu zuen 1916ko matxinada errepublikarraren kokalekua izan zen eta horixe izanen da hiria ezagutzeko izanen dugun ardatza.

Urte hartako Aste Santuan gertatukoa eta protagonista izan ziren O'Connell Street, Trinity College, St. Stephen's Green, Dublin Castle eta Errepublikaren Aldarrikapena egin zen GPO eraikina ezagutuko ditugu.

Michael Collinsek zuen bulegoaren ondoan dago gaur egun Sinn Féin alderdiaren nazio egoitza. Bere dendan liburu, CD eta kamiseta errepublikar ugari aurkituko ditugu.

Arratsaldean errepublikarren matxinaden protagonista izan den beste eraikin mitikoa bisitatuko dugu: Kilmainham espetxea. Han exekutatu zituzten 1916ko buruzagiak.
Han ere "In the name of the father" ("Aitaren izenean") filma ezagunaren eszena asko grabatu ziren.

Gauean gure bidaiak merezi duen amaiera emateko zuzeneko musika irlandarrik hoberena, pintarik goxoenak eta giro jatorrenaz osaturiko festa ederra eginen dugu.

_08. Dublin City – Dublin Airport
Goizean gosaldu, bidaiaren balorazioa bildu, azken erosketak egin eta aireportura joanen gara. Han, laister berriz etortzeko gogoekin, Irlandari slán esanen diogu.

PREZIOA PERTSONEKO (8 lagun gehienez): 475 (*)
- 8 lagunetako taldean: 475 €
- 7 lagunetako taldean: 520 €
- 6 lagunetako taldean: 575 €
- 5 lagunetako taldean: 660€

PREZIOAREN BARRUANS SARTZEN DENA:
- Gida euskalduna bidaia osoan.
- 7 gauetarako aterpetxea (8-10 ohetako gelak, dutxak, sukaldea, interneta).
- Gosariak.
- Garraioa (9 lekuetako minibusa).
- Txangoak eta tourrak.

PREZIOAN BARRUAN SARTZEN EZ DIRENAK:
- Hegaldiak.
- Bazkariak eta afariak.

* Hegaldiak erosteko orduan gure laguntza izanen duzu.
* Bazkaltzeko orduan txoko eder batean geratu eta bakoitzak etxetik ekarritako urdaiazpiko, txorizo eta gazta jango dugu.
* Aterpetxeetara iristean denon artean afariak sukaldatzea proposatzen dugu.

(*) Bidaia asegurua ez da prezioan sartzen baina egitea beharrezkoa da. Egin behar baduzu jakin ezazu prezioa 35 inguru izaten ohi dela. Eguraldia dela edota gure eskutik at dauden arrazoiengatik baliteke egitarauaren zatiren bat aldatu behar izatea. Ordainketa bi zatitan eginen da, lehena izen ematean (%40a, zeina bezeroak galduko luke bere kabuz ez etortzea erabakiko balu) eta bigarrena (%60a) bidaia hasi baino hilabete bat lehenago.

inprimatu
Inprimatu