Korsika
Edertasunaren Uhartea eta bere historia nazio askapen borrokaren bidez ezagutzeko aukera paregabea duzu hau.


EGITARAUA
Irteera eguna: Iruñea – Donostia – Toulon
Gure gida euskaldunarekin batera Euskal Herrian autobusa hartu eta Touloneruntz abiatuko gara. Han Korsikara eramanen gaituen itsasontzia hartuko dugu. Gaua itsasontzian.

Lehen eguna: Bastia – Capicorsu - Biguglia
Goizean Bastiako portura iritsi eta bidaia osoan lagunduko gaituen bertako gidaren harrera. Gure gida Ghjuvan Filippu Antolini da, gida diplomatua, historialaria, arkeologoa, Corsica Libera alderdi independentistaren zuzendaritzako kidea, presoen aldeko Sulidarità elkartearen lehendakari ordea eta preso ohia.

Gero Capicorsun murgilduko gara. Arrantzale herrixka xarmangarriz eta mendien artean isolatutako komunitatez beteriko penintsula basatia eta maldatsua da. Luri herrian bertako abertzale batek 2003an gendarmeria nola setiatu zuten kontatuko digu. Herriko elizan Korsikako arimaren ahotsa diren kantu polifonikoetaz gozatuko dugu eta segituan korsikar berezitasunez osaturiko buffet hotz bat dastatuko dugu.

Itsasoaren sekulako bistaz lagundurik uharteko errepide ikusgarrienetatik penintsulan barrena jarraituko dugu.

Azkenean hurrengo sei egunetan gure ostatua izanen den Club Belambra Pinetora joanen gara. Hauxe Biguglia Natur Erreserba eta Tirreno Itsasoaren artean aurkitzen den konplexu turistikoa da bere pinudi, bungalowak, jatetxe, taberna, igerileku berotua eta hondartzarekin, besteak beste.



Afaria eta atsedena.

Bigarren eguna: Bastia
Gosaldu ondoren Bastiarantz abiatuko gara. Bigarren Munduko Gerrak eragin handi izan zuen hiri honetan bisita gidatua eginen dugu. Denbora librea bazkaltzeko. Arratsaldean Sindicatu di i Travagliadori Corsi-ko ordezkari batekin solasaldia. Gero errepresio frantziarrari buruz hitz egiteko abokatu abertzale batekin bilera. Ostatura itzuli, afaria eta atsedena.

Hirugarren eguna: Corti
Gosaldu ondoren Cortira joanen gara. Errepidetik ikusita ipuinetakoa dirudien hiria independentzia garaian, XVIII. Mendean, uhartearen hiriburua izan zen eta egun bere bihotza izaten jarraitzen du. Gainera Korsikako Unibertsitatearen egoitza nagusia da. Han bertan Consulta Di A Ghjuventù Corsa ikasle erakundeko arduradun batekin elkartuko gara eta segituan Corsica Libera-ko hizkuntza arduradunarekin.

Denbora librea bazkaltzeko.

Arratsaldean Pascal Paoli, u babbu di a Patria, aberri korsikarraren aita jaio zen Merusagliara joanen gara eta egun museoa den bere jaiotetxea bisitatuko dugu.

Ostatura itzuli, afaria eta atsedena.

Laugarren eguna: Niolu arana
Gosaldu ondoren Korsikako Natur Parkean dagoen Niolu aranera joanen gara. Korsikako sekretuak Inork ez bezala gordetzen dakien urrutiko aran bitxia da. Han bertan gaztak egiten dituen artzaintsa bat ezagutu eta bere produkzioa dastatuko dugu. Ondoren Korsikako lehen prozesu politikoa izan zen 1774ko urkamenduen historia ezagutuko dugu.

Jatetxe tradizional batean bazkaria.

Arratsaldean aranan barrena ibiliko gara eta tartean Cinto mendia (2.706m) ikusiko dugu.
Aurrehistoriako Museoa bisitatuko dugu. Ostatura itzuli, afaria eta atsedena.

Bostgarren eguna: Aleria
Gosaldu ondoren K.a. 550. urtean greziarrek sortu zuten Aleriara joanen gara, Tirreno itsasoaren ertzean, uhartearen ekialdeko kostaldean. Han nezakal sindikatu baten kide batekin mintzatuko gara. Gero Aleriako "gertakariak" eman ziren lekura joanen gara. 1975ean han gertatu zenak herri korsikarra erabat hunkitu zuen eta borroka armatuaren hasiera suposatu zuen (bidaian gertakari horien protagonistetako bat ezagutuko dugu).

Bazkaltzeko denbora librea Alerian.

Arratsaldean Jérôme Carcopino Museo Arkeologikoan Mediterraneoan dagoen arte greziarraren bilduma garrantzitsuenetarikoa ikusteaz gain eltzegintza, harribitxi eta ontzi etruskiar eta erromatarrak ere ikusiko ditugu. Museo hau genoarrek 1484ean eraiki zuten Fort de Matra ikusgarriaren barruan dago. 300 metrotara aintzinako Aleria hiriaren hondarrak daude bere foro, tenplu eta bainu erromatarrekin.

Ostatura itzuli, afaria eta atsedena.

Seigarren eguna: Portivechju - Bunifaziu
Portivechjurantz joanen gara. Han FLNC (Fronte di Liberazione Naziunale Corsu) erakunde armatuko kide ohi batekin elkartuko gara. Gero Bunifaziura joanen gara. Inguru ikusgarrian dago bere aintzinako eraikinez beteriko kalexka aldapatsuekin. Amildegien atzean murgiltzen den fjordoak hiriko portu natural bikaina sortzen du.

Denbora librea bazkaltzeko eta gero hiria trenetxo batez bisitatuko dugu. Bonifaziuren ikuspegi berezia izateko eta, eguraldia lagun, leize batzuk bisitatzeko itsasontziz paseoa bat emanen dugu eguna amaitzeko.

Ostatura itzuli, afaria eta atsedena.

Zazpigarren eguna: Aiacciu
Gosaldu ondoren gure maletak hartu eta Napoleonen jaioterria eta Korsikako hiriburua de Aiacciura joanen gara. Hiri dotorea da bere kolore gozoez margotutako eraikinak, kaia handia eta terrazekin. Han bisita gidatua eginen dugu eta Paoli eta Napoleonen arteko harremanaren nondik norakoak ezagutuko ditugu.

Denbora librea bazkaltzeko.

Arratsaldean 1980ko urtarrileko gertakari tragikoetan parte hartu zuen militante baten eskutik historia hori ezagutuko dugu. Gero 1998an FLNCk Claude Érignac, Korsikako Prefeta, hil zuen lekuan ekintza horregatik zigortua izan zen militante batekin mintzatuko gara.

Gero hiri erdian bertan dagoen gure hotelean gauzak utzi, afaria eta atsedena/tabernetara joan.

Zortzigarren eguna: Cargese – Porto
Gosaldu ondoren Cargesera joanen gara Érignac Prefeta ustez hiltzeagatik bizi arteko zigorra betetzen ari den Yvan Colonna preso politikoaren anaiarekin hitz egiteko. Gero Golfo di Portoraino paseatuko gara. Kolore turkesa duten uretan arroxa koloreko amildegi zorrotzak murgiltzen dira inguru perfektua babesten. Bidean denbora librea bazkaltzeko. Giza Ondarea den Calanche di Piana, granitozko harkaitz erraldoietan geldiune bat eginen dugu.

Itzulera Aiacciura, afaria eta atsedena/taberna eta kafeetara joan.

Bedetzigarren eguna: Aiacciu
Gosaldu ondoren Korsikako Legebiltzarrera joanen gara eta parlamentari abertzale batekin elkartuko gara. Gero preso politikoen alde lan egiten duen Sulidarità-ren bulegoan arduradun batekin mintzatuko gara.

Denbora librea bazkaltzeko.

Arratsalde librea Aiacciutik lasai ibiltzeko eta Korsikan emanen ditugun azken orduetaz gozatzeko.

Gero gure gauzak jaso eta itsasontzira igoko gara. Gaua itsasontzian.

Itzulera eguna: Toulon – Euskal Herria
Goizean Toulonera iritsiko gara eta Eusal Herrira eramanen gaituen autobusa hartuko dugu.

DATAK
Ekainaren 17an irten eta 27an itzuli.

IZENA EMATEKO
30 leku besterik ez dago beraz lehenbailehen izena emateko telefono zenbaki honetara deitu 0033 608 57 40 63 edo email bat info@irlandanet.com-era igorri.

PREZIOA PERTSONEKO: 1.300 € (*)
Sartzen dena: - Autobusa Euskal Herritik Marsellaraino joateko eta itzultzeko eta Korsikan ibiltzeko. - Korsikara joateko eta itzultzeko itsasontzia. - Bertako gida diplomatuaren zerbitzuak Korsikako egonaldi osoan. - Gida euskaldun laguntzailearen zerbitzuak (koordinazioa eta itzulpenak) bidaia osoan. - Pentsio erdian (gosaria eta afaria) 6 gau Club Belambra Pineton eta 2 gau 3 izarretako Hôtel Fesch-en. - Bi gau itsasontziaren kamarote batean. - Bi bazkari tradizional. - Itsasontziz eta tren txikiz paseoak Bunifaziun. - Kantu polifonikoen emanalditxoa Luriko elizan. - Aurrehistoria, Pascal Paoli eta Arkeologi museotako sarrerak. - Gazta baserrira bisita eta dastaketa. - Bidaiaren antolakuntza eta militante korsikarrekin koordinazioa.

(*) Prezioa 30 lagunetako taldean oinarrituta binakako geletan. Banakako edo hirunakako geletako prezioak jakiteko galdetu iezaguzu. Bidaia asegurua ez da prezioan sartzen baina egitea beharrezkoa da. Egin behar baduzu jakin ezazu prezioa 35€ inguru izaten ohi dela. Eguraldia dela edota gure eskutik at dauden arrazoiengatik baliteke egitarauaren zatiren bat aldatu behar izatea. Ordainketa bi zatitan eginen da, lehena izen ematean (%40a, zeina bezeroak galduko luke bere kabuz ez etortzea erabakiko balu) eta bigarrena (%60a) bidaia hasi baino hilabete bat lehenago. Bazkaltzeko Euskal Herritik produktuak eramatea proposatzen dugu.

inprimatu
Inprimatu